Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko kideekin bileren dinamizaziorako tresnen inguruan aritu ginen apirilean.
2021-22 ikasturtean “Gogoetatik ekintzetara” deitu genuen prozesuan murgildu ginen Arturo Campion euskaltegiko kideekin batera, taldeak zituen korapiloak eta erronkak identifikatzen eta horiei erantzungo zien plangintza bat sortzen. Prozesu horren ondorioetako bat taldeko bileren dinamizazioa lantzeko beharra izan zen, eta poz-pozik heldu genion gaiari pasa den apirilean.
Joxemi Zumalaben dinamizazio-politikoaz aritzen garenean honetaz ari gara:
-
“Dinamizazio politikoaz edo Herri Mugimenduetako prozesuen dinamizazioaz hitz egiten dugunean, gure ikuspegitik kolektibo batek bere egunerokoan duen antolakuntza eta funtzionamendu prozesua laguntzeaz ari gara. “Laguntzea” bere bi adieretan: batetik akonpainatzea (bidea elkarrekin egitea) eta, bestetik, bide horretan sortzen diren zailtasunen aurrean taldeari orientabideak eta baliabideak proposatzea”.
Arturo Campioneko kidekin egindako saioan kontzeptu honi gerturatze intuitibo bat egitetik hasi ginen, azalpen teoriko batekin osatu genuena: dinamizazioa zer eta zertarako da, dinamizatzailearen funtzioak zeintzuk dira, dinamizazioan zer nolako rol edo funtzio egon daitezke eta bilera edo saio baten dinamizazioak zer nolako fase hartzen ditu kontuan.
Saioaren azken atalean euskaltegiko kideek talde gogoeta bat egin zuten, entzundakoetatik euren jardunera zer ekarri zezaketen pentsatzeko. Oro har gai-ordena zaintzearen garrantzian, dinamizazio rol esplizituak (eta taldeak aitortuak) jartzean, hitzartzeak kontrolatzeko eta botere desorekak ekiditeko mekanismoen beharrean eta erabakiak ondo jasotzearen garrantzian bat egin zuten.
Aurten ere plazer handia izan da Iruñera eta Arturo Campionera gerturatzea, eta talde horretan hain presente dagoen indarra eta ilusioa bertatik bertara bizitzea!