Bilboko Konpartsekin bi saio egin ditugu, bileren dinamizazioaren eta erasoen ingurukoak

Azken asteotan herri mugimenduko beste eragile interesgarri batekin lan egiteko aukera izan dugu: Bilboko Konpartsen Federazioa.

Konpartsak -herri jatorriko taldeak bezala definitzen dute euren burua- Bilboko Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik dira ezagunak. Federazioak hainbat auzo zein antolakunde elkartzen ditu Bilboko jai eredu herrikoia sustatzeko eta, txosnen jardueraren bitartez, herri mugimenduko hainbat antolakunderen urte osoan zeharreko jarduera sozio-politikoa finantzatzeko ere.

Gure elkarlanaren abiapuntua 2022ko martxoan kokatu behar dugu, orduan jaso baikenuen Zumalabe Fundazioan Bilboko Konpartsen eskaera: bilera eta asanbladen dinamizazioa lantzeko tailerra. Formazio horren lehenengo botea 2022ko ekainean burutu genuen eta, sakontzeko beharra identifikaturik, 2023ko martxoaren 25ean lau ordutako bigarren tailer bat egin genuen konpartsetako 30-35 kiderekin. Horrela, bilerak eta asanbladak egiteko moduari dagokionez Bilboko Konpartsen espazioan zer da ondo egiten dena eta zer hobetzeko dena identifikatu eta gogoetatu eta gero, dinamizazioan lagungarri izan daitezkeen tresnak eta metodologietan sakondu genuen. Horrekin batera, bilera eta asanbladetan jarrera oztopatzaileak eta jarrera laguntzaileak identifikatu genituen denon artean, eta baita jarrera laguntzaileen zerrenda adostu eta presente edukitzeko zein zaintzeko konpromisoak hartu ere.

Bestaldetik, Bilboko Konpartsetako Erasoen kontrako lantaldeak, beste eskaera bat egin zigun pasa den apirilaren hasieran: Feminismoaren transbertsalitatea jai espazioetan eta kolektiboetan lantzeko tailerra. Aurtengo apirilaren 22an burutu genuen tailer hori Santutxuko Karmela espazioan konpartsetako 40 bat lagunekin. Helburu nagusia jai eremuetan eraso matxistak, LGTB-fobikoak eta arrazistak prebenitzeko lanketa egitea izan zen, baita aniztasun funtzionala presente edukitzeko formazioa jaso ere. Bordillo Aplastao kolektiboko kideak arduratu ziren azken alderdi hori jorratzeaz eta zinez interesgarria izan zen ekarpena egin zuten tailerrean. Erasoen gaiei dagokienez, gaiaren inguruko oinarrizko kontzeptu eta debate batzuk mahai-gaineratzea izan zen asmoa eta baita material labur bat sortzea konpartsa bakoitzean lantzeko aukera emanez.

Talde ariketa eta debate mamitsu batzuk egin eta gero, Konpartsetako kideek argi adierazi zuten zein garrantzitsua den benetako jai herrikoiak eraiki ahal izateko erasorik gabeko jai sanoak sustatzea eta horren inguruko ardura Konpartsa guztiek hartzea. Hau da, jaiak herrikoiak izateko guztientzako irekiak izan behar direla, euskal jendarteak duen aniztasun luze zabalari irekiak, hain zuen; jatorri, genero, funtzionalitate edo orientazio sexualaren araberako diskriminaziorik eta erasorik gabeko jaiak. Eta horretarako ezinbestekoa da konpartsa bezalako jai-antolakundeetan aniztasun horri tokia egitea eta, espazio heterogeneoagoak bilakatuz, jendarte sektore ezberdinen parte hartze aktiboa eta protagonismoa bermatzea. Norberak bere konpartsan lantzeko ardura hartuz, eta irakaspen ugari utzi zigun goiz pasa atsegin eta interesgarria buruturik, agurtu ginen Bilboko Konpartsetako kideekin.