Belaunaldiartekotasuna Itzubaltzetan, eraldaketarako tresna

Itzubaltzeta-Romoko Nagusien Etxea eta Gaztetxea hartzen zituen eraikinaren defentsan artikulatutako asanbladarekin elkarlanean aritu gara azken asteotan, euren etorkizuna amesteko helburuarekin

Udaberri honetan Bizkaiko beste eragile interesgarri batekin aritu gara elkarlanean: Erromoko Herri Asanblada. Erromok borroka hilabete luzeak bizi izan ditu azken garaian, Nagusien Etxea eta Itzubaltzeta III Gaztetxea hartzen zituen eraikinaren defentsan. Borroka horretan talde anitza (adinean eta bestelakoetan) artikulatu da eraisketaren kontra, eta prozesu horretatik sortu da Erromoko herri Asanblada. Borroka horrek eraikinak zutik irautea lortu ez badu ere, beste gauza asko irabazi dira bidean, eta herri asanbladak epe ertainera begira jartzeko momentua zela iritzita (epe laburrean isunei eta errepresioaren ondorioei aurre egiten ari diete) Joxemi Zumalabeko kideokin harremanetan jarri ziren. Bide-laguntza lanak egiteko eskaera egin ziguten, Erromoko Herri Asanbladak bultzatuko dituen ekintzak, helburuak eta antolatzeko moduak modu kolektiboan gogoetatzeko prozesuaren prestaketan eta dinamizazioan, hain zuzen ere.

Zumalabetik pozez hartu genuen eskaera, oso interesgarria baita belaunaldi ezberdinetako kideak (Nagusien Etxekoak, Gaztetxekoak zein gerora batu zaizkien beste herrikideak ere) batera aritzea injustiziak salatzeko eta eragile aktiboa izateko euren herrian. Horrexegatik bide honetan gure aletxoa jartzeko erabakia hartu genuen. Prestaketa bilera batzuen ostean prozesuaren lehenengo saioari ekin genion maiatzaren 21ean, Itzubaltzetako Etxe Merkean.

Lehenengo saio hartan hogei lagunetik gora elkartu ginen eta talde kohesioa indartzeko ariketak egiteaz gain debateari ekin genion hurrengo galdera hauen inguruan: “1) Zure ustez zeintzuk dira Erromon bultzatu behar ditugun ekintzak eta lan-ildoak?; 2) Zein helburuekin, zer lortzeari begira?”

Banakako eta talde txikietako gogoetak egin eta gero ekarpen guztiak 5 gai-multzo edo lan-ildotan batu genituen eta ekainaren 11ean burutu genuen bigarren saio batean lan-ildo horiek ekintza zehatzetan lurreratu genituen. Horrekin batera, ekintza posible horiek lehenesteko ariketa egin genuen eta baita antolaketa ereduaren eta funtzionamenduaren inguruko debatea abiatu ere.

Oso giro onean egindako gogoeta prozesua izan da, segida edukiko duena Erromoko adin guztietako kide kementsu hauen partetik.

Joxemi Zumalabeko kideok atsegin handiz bete dugu Erromoko kideekin batera bi saioko ibilbidetxo hau. Borrokak merezi duela erakutsi diguzue, bidean gauza batzuk galtzen badira ere elkarrekin aritzeak eta borrokatzeak altxorrak topatzera eramaten gaituztela: belaunaldiartekotasuna eraldaketarako tresna eta bide zoragarria dela zabiltzate erakusten; aupa zuek!