Ikasturteko azken esperimentazio espazioa bizi izan genuen maiatzaren 31n Lezon. Saio honetarako kide berriak taldera gehitzea polita izan zen, espazio honek ematen digun aukeratik saio bakoitzean herri mugimenduetako kideen inkorporazio berriak bizitzeko.
Saio honetan dinamizazioak eta egiten ditugun talde prozesuak gorputzetik eta bizipenetatik egiteko ezagutzen ez genuen modu bat esperimentatu genuen. Horren bilaketan ari garen honetan urtarrileko saioan Zapalduen Antzerkiarekin esperimentatu genuen eta gure jarduna dagoeneko ari gara elikatzen Zapalduen Antzerkiko hainbat dinamikarekin. Oraingo honetan Biodantza esperimentatu genuen.
Elkartu ginenean urduritasuna nabaritzen zen taldean, ezezaguna denaren aurreko urduritasuna, baita gorputzera eta mugimendura etortzeko erresistentziak ere. Hainbat kidek aipatu zituzten horiek, eta bi ordutan sentsazio hauek disolbatu eta eraldatzea egin genuen guztion artean.
Saiora nola gentozen, zer espero dugun eta norberak espero duen hori bete dadin zer dakarren konpartituz hasi ginen, musikarekin batera kide ezberdinekin galdera horietako bakoitza konpartituz. Hau borobiltzeko talde handira ekarri genituen sentsazio, beldur, urduritasun, gogo eta jakinmin guzti horiek.
Biodantzari sarrera teoriko bat egin ostean hurrengo ordu t’erdian egingo genuenari sarrera egin genion. Talde pertenentzia indartzea eta taldean ematen diren aldaketen aurrean nola goazen moldatzen lantzea izan ziren landu genituen helburuak saio honetan. Azalpen horren ostean hitza albo batera utzi eta gelan zeuden gauza guztiak albo batean jarriz musika eta kontsigna ezberdinekin sartu ginen gorputzetik eta bizipenetatik egin genuen bidaian. Hamaika abesti, hamaika kontsigna, hamaika proposamen, hamaika bizipen elkarrekin batera bizi izan genituenak talde baten baitan guztiona izan zen bidaia eginez, eta aldi berean bakoitzaren bidaia pertsonalek osatu zuten taldea.
Atseden baten ostean bizitakoa elkarbanatu genuen hitzez. Hamaika emozio eta sorpresa. Ireki ginen praktikara eta orokorrean poztasuna, lasaitasuna, taldeko parte sentitzea eta ilusioa nagusitu ziren, beste hamaika mugimendurekin batera.
Ederra izan zen gorputzetik elkarrekin komunikatzea, harremantzea, bizitzea. Elkar ikusi, aitortu eta besarkatzea. Tresna baliagarri eta eraldatzaile bat deskubritu dugu oraingoan ere. Bagoaz apurka-apurka esperimentatzeetatik bide eta tresna berriak aurkitzen, ikasten eta gure praktikak aberasten.
Kolektiboetara eta dinamizazioetara eramateko baliagarria iruditu zaigu Biodantza, baina horretarako modua bilatzea da dugun erronka handi bat, ohituta ez gauden moduetara irekitzeko erresistentziak nola apaldu. Hor kolektiboen egunerokora eramateko zailtasunetako bat, ez da erronka makala!
Beste behin plazera izan da konfiantzazko espazio goxo bat sortu eta taldean bide berriak esperimentatzeko aukera konpartitzea. Elkarrekin hazten jarraitzea gure kolektiboa hazten dugun bitartean.