Aurtengo ikasturteko urritik otsailera, Zumalabeko kideok Bilboko Euskaltzale Aktibisten Foroko kideekin elkarlanean aritu gara Bilboko mugimendu euskaltzalea biziberritzeko asmoa izan duen eztabaida eta formakuntza prozesuaren dinamizazioan eta sistematizazioan.
Sei saioko ibilbidean zehar, Bilboko Herri Mugimenduarentzat erreferentziazkoak diren espazio ezberdinak (Bira Kulturgunea, Karmela, Kafe Antzokia…) bete dituzte euskarak Bilbon bizi duen egoera aztertu eta horri irtenbide bat ematen saiatzeko. Bertan, 50 kiderekin batera hizlari ezberdinen ekarpenak jaso dituzte euskalgintzaren egoera zein erronken inguruan hausnartzeko, Mikel Aiartzaguena, Jon Sarasua eta Lorea Agirreren eskutik besteak beste. Horretaz gain, eduki horien inguruko eztabaidak landu eta sortzera doazen mugimendu euskaltzalearen oinarriak finkatu dituzte.
Adin, ideologia eta auzo ezberdinetako hainbeste kide elkarrekin eta hain giro onean ikusteak poz handia sortu digu, eta zorterik onena opa diogu sortzera doazen mugimenduari. Kaleetan ikusiko dugu elkar!