Lekeitioko Andraetxia, ametsetik proiektu kolektibo izatera

Abenduaren 15ean, hainbat hilabetetako prozesuaren ostean, Lekeitioko Andraetxiaren aurkezpenean izan ginen. 150 lekeitiarrek baino gehiagok zine aretoa bete zuten aurkezpenean parte hartzeko.

Andraetxia ametsa zenean Joxemi Zumalaberekin harremanetan jarri zen Lekeitioko mugimendu feministatik prozesu honetarako sortutako talde eragilea. Ordutik, gure dinamizazio taldeko bi kide bidelaguntza lanetan aritu dira Andraetxia gauzatzeko prozesuan. Gure lana asanbladen metodologien diseinuan bidelaguntza ematen nagusitu da.

Argazkia: Lekeitioko mugimendu feminista.

2023ko hasieran prozesu osoaren diseinua marraztu eta margotu genuen elkarrekin. Hala, bertan hiru fase sortu ziren: ametsena, eztabaidarena eta erabakiena. Modu berean, prozesuan parte hartzen ari ziren kideekin hiru petalo sortu ziren prozesu osoan zehar jorratu behar ziren gaiak lantzeko. Petaloetako batek Andraetxiaren helburuak eta printzipioak landuko zituen, beste batek kudeaketa eredua eta finantziazioa jorratu zuen; eta azken batek espazioaren antolaketaren inguruan aritu zen. Gai guztiak denen artean hausnartu eta erabaki badira ere, petalo bakoitzak gai zehatz batzuen inguruko lana hartu du.

Fase guztietan gai guztiak landu dira, hala, gai bakoitza landu den uneetan dinamizazioaz ere gai horren petaloa arduratu da. Modu horretan, asanbladetan hartu beharreko arduren erreleboa posible egin da.

Osagai guzti horiekin prozesuan parte hartutako 60 emakume* horiek jarritako lanarekin, ilusioarekin, ahizpatasunarekin eta maitasunarekin Ujika izeneko prozesu honen amaierara heldu da Lekeitioko mugimendu feminista. Gure partetik eskertza adierazi nahi dizuegu, bidean zuekin ikasitako guztiarengatik eta egin diguzuen harrerarengatik. Eta, nola ez, gure zorionik beroenak! Sekulako lana egin duzue! Gozatu zuen udaberriko masustak eman dituen fruituez!

Argazkia: Lekeitioko mugimendu feminista.