2026a, gure Fundazioaren 30. urteurrena, topera hasi dugu Joxemi Zumalabeko kideok.
Izan ere, urtarrilaren 8an egun bereziki polita bizi izan genuen, atzoko, gaurko eta betiko Zumalabekideak egon baikinen Bilboko Arriaga antzokian, “Desobedienteak 18/98” antzezlanaren estreinaldian; obra honek azaltzen du 18/98 makrosumarioko Joxemi Zumalaberen pieza, baita desobedientzia zibilari buruz hausnartzera eman ere.
Eguna probesteko, arratsaldea egungo Zumalaberen asanblada bilduz hasi genuen. Bertan, gure proiektuko ildo ezberdinen errepasoa egin genuen, HMaren eraginkortasun politikoaren inguruan martxan dugun Gogoeta-Ekintza prozesuan bereziki sakonduz.
Ostean, Arriaga Antzokira hurbildu ginen Tanttaka antzerki konpainiaren “Desobedienteak 18/98” antzerkiaren estreinaldira. Hantxe, ikuskizun zoragarriaz gozatu genuen, desobedientzia zibilaren historia eta defentsari bruuz, 18/98 makrosumarioaren garaian bizitako ankerkeriari buruz… Baita ostean edukiari buruz gogoetatu eta eztabaidatu ere, kar-kar! Eskerrak, bada, lantalde guztiari memoriarako, eztabaidarako eta gozamenerako osatutako lan zoragarriagatik!
Bukatzeko, belaunaldi ezberdinetako Zumalabekideok elkarrekin afaldu genuen, antzerkiari buruzko gogoetak partekatuz eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren historiako fase ezberdinei buruz solastuz.
Hala, kriston egunarekin eman genion hasiera JZFren 30. urteurrenaren bueltako egitarautxoari… langa ederra lagunok! Laster zango duzue gure berri! Urte hasiera on!


