GATZOZPINDU IKASTAROA- GARAIONEKO KRONIKA (3. SAIOA)

IMG_20190614_154250

Aurreko asteburuan, ekainaren 14tik 16ra Gatzozpindu dinamizazio politikoaren inguruko ikastaroaren azken asteburu presentziala egin genuen Garaionek eskainitako NaturArtean. Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategiaren esperimendu berri hau bere bukaerara iritsi da honela.

Ostiral arratsaldean bertan bildu ginen guztiok eta egunerokotasuneko neke, errutina eta monotoniak soka saltoan deskargatuta, atzean utzi eta asteburuan sartzeko ongi-etorritxoa egin genuen. Garaionek eskaintzen digun atmosfera aprobetxatuta zentzumen guztiak ireki eta ingurua entzun, usaindu, sentitu eta dastatu ostean gertuko eta urruneko paraje ederrak ikusten diren zelaian eseri eta mistikaren inguruan hasi ginen hitz egiten: zer den, Herri Mugimenduetan zein garrantzia duen, zein eragin duen eta gure mistika zein den identifikatu nahiean besteak beste.

Ikastaro hasieratik azken asteburu honetararte egin eta bizitakoak bilduta zeuzkan hari bati jarraika ikastaro osoaren erreskatea egin genuen ostean, balorazio asteburua izanik prozesu guzti honetan bizitakoa orainera ekartzeko. Egindako bidea guztion artean osatu ostean sukaldariek mimo handiz prestatutako afari goxoa jan eta suak berotzen gintuen bitartean oheratu ginen.

Larunbatean ikastaroan parte hartu duten taldeek azken hilabete hauetan egindako prozesuaz aritu ginen, aurrera eraman dugun horretaz, egin gabe geratu direnez, hauen zergatien inguruan, indargune eta ahulguneak ere konpartituz, eta ikaspenak eta ospatzekoak ospatuz. Eta orainarte egindakoa elkarbanatu ostean etorkizunera begira jarri ginen: talde bakoitzak hemendik aurrera egiteke duen bide hori amestu eta egungo errealitatetik norabidetzera.

Larunbat arratsaldea dinamizazioan ditugun zailtasunak identifikatu eta erronka komunak landuz abiatu genuen. Zapalduen antzerkiko antzerki-irudiaren bitartez gorputzek esaten digutena abiapuntutzat hartu eta erronka horien erantzunetarantz ibili ginen.

Eguna bukatzeko ebaluazioa zer den, zertarako egiten den eta parte hartzen dugun taldeetako errealitatearekin konektatuz gure orainarteko esperientziak konpartitu genituen. Ganorazko ebaluazio baten garrantziaz ohartu ginen horrela.

Afal-aurre eta ostean asteburu honetan presentzia handia izan duen karta-jolasa albo batera utzi gabe goxo egon ginen elkarrizketan. Ozaetako jaietatik ere kide batzuk kuku bat egin ostean ikastaroaren azken egunera iritsi ginen.

Igandean balorazioa egin genuen: Garaioneko asteburuaz gain Gatzozpindu ikastaroko hainbat aspektu baloratzeko aukera izan genuen, eta pozik atera ginen ikastaroak zentzua duela eta Herri Mugimenduetarako beharrezkoa dela behin eta berriro errepikatu baitzen besteak beste.

sdr

sdr

dav

Larraulen ereindako ametsen inguruan bildu ginen asteburuari itxiera emateko, eta ikastaroan parte hartu dugun taldeoi omenaldi xume honekin eman genion itxiera aurtengo Gatzozpindu ikastaroari:

dav

Biziloretik Garaionera.

10 partaidek, 8 BPP kidek eta 2 sukaldarik hasi genuen bidaia hau, eta orain gaudenak gaude hemen.

Herri Mugimenduok osatzen dugun fauna txiki-handi hau elikatzeko ilusioz hasi ginen 8 talde bide hau egiteko prest. Eta hona hemen talde hauei omenaldi xumea:

Ni, zu, bera etaAbar askaka hasi ginen buruan ideia eta amets berriak sortuz, horietarantz abiatzeko gogoz, guztiok elikatzen gaituen Herri Mugimenduen Aska(k) pena emateari utzi eta energiaz, dedikazioz eta mimoz landutako dinamizazio, bide eta prozesu berriak ereiteko.

Gorputzak entzunez eta gorputzetik aritu gara bidean, arrazoi soilaren Erreka le(h)ortuak Pototatik ateratzen zaigunarekin zipriztinduz, bustiz, ereindako hazia ureztatuz.

Eta apurka-apurka badoa ereindakoa hazten, Goñiko parajeetan zein Donostiko jaiguneetako baldosetan Sortutako arrakaletan. Oinarria sendoa izanez gero Mugarik gabe hedatu daitekeelako gure ekiña 4 haizetara.

Eta Eh! Kolektiboan bidea eta borroka goxoagoa da, xamurragoa eta eraldaketa gozagarriagoa.

Neguan ereindakoa eta udaberrian ureztatutakoa udan loratzera goaz, udazkenean fruituak izateko; koletiboko egunerokotasuna gatzozpintzeko prestatuta goaz, gure mugimenduetatik zapore berriak ateratzeko indarrez. Bagoaz siñisten dugun Euskal Herri aske horretarantz! Aupa gu, elkarrekin, bidean, bagoaz!

Eskerrik asko bidaia honetan itsasontzia gurekin konpartitu duzuen bidailagun guztioi. Plazera izan da!