[Kronika] “Azken krisia, gure garaia!” ekotopaketetan izan gara

Itzela izan da asteburu honetan Portugaleteko Sastraka gaztetxean bizitakoa. Euskal Herriko puntu desberdinetatik etorritako ehundaka pertsonek hartu dute parte ostiraletik igandera ospatutako Ekotopaketetan; horietako asko mugimendu ekologistan diharduten eragileetako kideak, eta beste asko eta asko gaiarekiko atxikimendua eta kezka izanik, talde ekologistetan antolatuta ez daudenak. Helburu bikoitza izan dute topaketok: alde batetik “krisi ekosoziala erdigunera ekartzea”, horretarako hamaika hitzaldi, mahai-inguru eta bestelako momentu informalen bueltan eraikitako harremanak eta solasaldiak baliatuz (konplizidadeak eta elkarlanerako eta borrokarako gogoak elikatzeko ezin aproposagoak baitira otorduak, txandak, kultura emanaldiak…). Bigarren helburua “euskal ekologismoak tresna berria behar al du?” galderaren inguruko gogoeta eraikitzea izan da. Azken horretan ekarpen xumea egiten saiatu gara Joxemi Zumalabeko dinamizazio-lantaldekook.

Igandeko goiza potente zetorren: “Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta liburua“ren aurkezpenaz eta “Monopolia. Agua: negocio y poder polĂ­tico” dokumentalaren emanaldiaz gain, “Nola heldu krisi ekosozialari Euskal Herritik?” lelopean asanblada irekia zegoen deituta. Ekotopaketen antolatzaileekin elkarlanean, asanbladaren dinamizazioaz arduratu ginen Joxemi Zumalabeko kideak. Ez zen erronka makala; izan ere, ezin genuen aurreikusi zenbat pertsonak hartuko zuen parte, eta horrek ibilbide metodologikoaren prestaketan fin aritzea eskatu zigun.

10:00ak pasatuta eman genion hasiera asanbladari, bertaratutako jendetzarekin emozionatuta (120tik gora!) eta, nola ez, urduri ere. Behin geure buruak aurkeztuta eta asanbladaren helburuak eta dinamika zeintzuk izango ziren azalduta, talde erraldoi horren aktibazioari ekin genion dinamika ezberdinen bidez: buruak ez ezik, gorputzak ere prestatu behar dira halakoetan, eta hori lortu nahian espaziotik ibiltzen jarri genituen bertaratutako kide guztiak, elkarri begiratzea eskatuz eta taldearen energia eta koordinazioa pizteko jolastxo bat eginez. Horren ondotik taldearen aniztasuna arakatzeko eta bistaratzeko ariketa egin genuen, irizpide ezberdinen araberako taldeak osatuz; horrela, adinaren, genero sozializazioaren eta lurraldetasunaren araberako taldeak osatu genituen, eta ederra izan zen taldeak txaloekin zelan ospatu zuen agerian geratu zen aniztasun handia. Dinamika honek, gainera, asanbladan erreproduzitu ahalko ziren botere-desoreken ardatzetaz jabetzeko balio izan zigun ere.

Hasierako dinamiken ostean Ekotopaketen antolakuntzan ibilitako kideek orain arteko ibilbidea eta etorkizunari begira sortutako proposamena azaldu ziguten, eta hori oinarri hartuta asanbladako kide guztiak lanean ipini genituen, proposamenaren inguruko iritziak eta ekarpenak osatzen, banakako gogoeta eginez lehenengo eta gogoetatutakoak talde txikietan partekatuz gero. Plenarioan iritzi eta sentsazio horietako batzuk partekatzeko aukera izan genuen, eta berehala eman genion hasiera hurrengo dinamikari: hurrengo hilabeteetan egingo den lan edo borroka gaiaren eztabaida lantzeko gaiekiko interesen arabera banatu ginen eta bakoitzaren abantailak eta zailtasunak zerrendatzen saiatu ginen, aurrerago hartzekoa den erabakia errazte aldera. Taldeka aritzeak kide guztiei euren ahotsa entzuteko eta ekarpena egiteko aukera erraztea bilatzen zuen, eta helburu hori lortu genuela uste dugu.

Behin dagoen proposamena baloratuta eta hurrengo hilabeteetan mamituko den borroka-gaiaren eztabaidari hasiera emanda, hurrengo urratsen lanketan jardungo den lan-taldearen osaketa izan genuen helburu. Dauden gogoak eta indarrak ikusteko momentua zen, delikatua… eta a zer nolako emozioa hainbeste kide lanerako prest ikustea! Hamarnaka kidek eman zuten izena, txalo zaparraden artean, ekotopaketetan ernaldutakoari jarraipena emango dion talde anitza osatuz. Benetan hunkigarria izan zen!

Amaitzeko, sorpresatxo polit batekin eman genion bukaera asanbladari: bertaratutako kide guztiei hazien paketetxo bat eman zieten, Euskal Herri osotik Portugaleten sortutako borrokarako gogoak eta ilusioak zabaltzeko. Haziok elikatzeko gure gorputzak martxan jarri genituen berriro, denon artean eguzki handi bat eta euri zaparrada zaratatsu bat osatuz.

Horrela joan zen Ekotopaketen baitan ospatutako asanblada. Gu dinamizazio aldetik egindako ekarpenarekin pozik eta, batez ere, asanbladan ikusitako indarrarekin ilusionatuta ekin genion etxera itzultzeko bideari. Ikasturte honetako geure lehenengo dinamizazioa izan da, eta indarrez bete gaitu etorriko direnei heltzeko!