Erronka berriz betetako ikasturtean, Joxemi Zumalabe martxan!

Hasi da 2024-2025 ikasturtea, eta Joxemi Zumalabeko kideok gogotsu ekin diogu gure ohiko jardunari, baita ikasturte honetarako ditugun proiektu berriei ere.

Udako atsedenaren ostean, Joxemi Zumalabeko kideok martxa berhartu dugu Euskal Herriko Herri Mugimenduei gure aletxoa eskaintzeko asmoz.

Aurreko urteetan bezala, Joxemi Zumalabetik pedagogia emantzipatzailean oinarritutako bidelaguntza komunitarioa eskainiko diegu Herri Mugimenduei gure fundazioaren Dinamizazio Taldetik. Pasaden ikasturtean hainbat eragilerekin elkarlanean aritu ostean, ikasturte honetan proiektu berri ezberdinekin lan egiteari ekin diogu: Donostiako euskalgintzako eragilea den Bagera, Irungo Labore Txingudi eta Kemen dantza taldea, Lasarte-Oriako Borobilean, AiLaket!, Errekaleor… Horretaz gain, poz handiarekin hartu dugu Zuberoako Jai Batzorde ezberdinekin elkarlanean aritzeko aukera, gure jarduna Euskal Herriaren luze-zabalean egin nahi baitugu.

Hala, aipatutako eragileekin gai ezberdinak jorratzen ibiliko gara: proiektu ezberdinekiko motibazioa eta talde kohesioa, eragileen barne demokrazia, dinamizazio eta ardura banaketa osasuntsuak, eraso matxisten aurkako protokoloen sorrera, eragileen arteko aliantzetarako gakoak… Prozesu ezberdinetan ekarpena egiteko, ikasi eta desikasteko eta bidean kide berriak ezagutzeko gogotsu gaude, baita helduko diren bestelako eskaerei erantzuteko ere!

Horretaz gain, aurten Joxemi Zumalabeko Gogoeta Taldeak erronka berri bat izango du esku artean. Izan ere, proiektu berri bat abiaraztear gaude: Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoaren inguruko gogoeta prozesu bat. Azken urteetan gaiari hurbilpen bat egiten ibili gara, eta mugarri ezberdinetan (EHZn, Iraultxa Txikien Akanpadan…) gaiaren inguruan egindako eztabaidetan atera dugun ondorio nagusia gaiaren inguruko hausnarketa sakon baten beharra izan da.

Laster izango duzue proiektu honen berri, gure asmoa ahalik eta eragile eta militante gehienen arteko eztabaida sustatzea da, besteak beste hurrengo galderei erantzuteko: Zelan eragiten dugu Herri Mugimenduok Euskal Herriko testuinguru politikoan? Daukagun eragiteko gaitasunak zer nolako bilakaera izan du azkeneko urteetan? Eta zerk baldintzatzen du gaitasun hori? Azkenik, zer egin dezakegu eragiteko daukagun gaitasun hori handitzeko? Umiltasunez ekingo diogu egitasmo berri honi, Herri Mugimenduekin hausnartu eta eztabaidatuz guztion eraginkortasuna handitzeko proposamen ezberdinak garatzeko helburuarekin!

Gauzak horrela, ikasturte oparoa daukagu aurretik, eta espero dugu ahalik eta kide gehien bidean, eta kalean, ikustea!