Ailaket elkartearen barne- egituraz eta funtzionamenduaz hausnartzeko prozesuan aritu da Joxemi Zumalabe

Drogen kontsumo arduratsu baten alde lan egiten duen Ailaket elkartearekin barne funtzionamenduaz hausnartzeko hiru saio egin ditu Joxemi Zumalabe fundazioak

Drogen kontsumo arduratsua sustatzen ibilbide luzea du Ailaket-ek, bere egoitza Gasteizen duen elkarteak. Hamarnaka bazkidek eta militantek osatzen dute talde hau, bere jarduna Euskal Herriko txoko ezberdinetan gauzatzen dutelarik. Azken hilabeteotan Ailaket-en jarduna sostengatzen duen langile taldearekin aritu gara elkarlanean, euren taldearen funtzionamendu eta egitura berri bat amesteko prozesuan.

Saio interesgarri bezain emankorrak izan dira partekatu ditugunak, gogoeta sakonak eta proposamen sendoak ontzeko balio izan dutenak. Zumalabeko kideok ekarpen metodologikoa egin diogu prozesuari, eta artikulu hau baliatu nahi dugu Ailaket-eko kideei konpartitutako material bat eta erabilitako bi dinamika zabaltzeko:

· Bilera, asanblada eta saioen dinamizazio politikoaren inguruko teoria.

· Alfonbraren dinamika. Taldean ematen diren rolen inguruan hausnartzeko dinamika.

Taldeko kide guztiak alfonbra edo esterilla baten gainean igota, alfonbrari buelta ematen saiatu beharko dira (beheko aldea gora begira jarri), inor alfonbratik jaitsi barik, denbora-tarte zehatz batean. Behin denbora igarota talde hausnarketa egingo dugu: Zer gertatu da? Nola sentitu gara? Ze rol eta jokabide zehatz ikusi ditugu? Zer esaten digu honek gure taldearen dinamikaren inguruan?

· Armarriaren dinamika. Talde indagazioa lantzeko dinamika.

Orri zuri batean taldeko kide bakoitzak kolektiboaren armarria marraztuko du, egungo taldearen ezaugarriak islatuko duten sinboloak eta leloa aukeratuz, eta gainontzeko kideekin konpartituko du. Bigarren buelta batean, orriaren beste aldean amesten dugun kolektiboaren armarria marraztuko dugu, nahiko genukeen hori. Bigarren irudi hau konpartitu ostean, armarri bateratua osatzen saiatuko gara, denon artean eraikitakoa.