Urtero bezala, Joxemi Zumalabe Fundazioko Dinamizazio Taldeko kideok lanean dihardugu Euskal Herriko Herri Mugimendu anitzek dinamizazio politikoaren arloan izan ditzaketen eskaerak erantzuteko, HMaren mesedetan gure aletxoa jartzeko asmoz.
Bide horretan, hainbat eragilerekin elkarlanean aritu gara azkenengo hilabeteotan; alta, asko pozten gaitu prozesu horietatik irakaspen ugari atera ditugula ohartzeak. Horra hurbiletik jarraitu ditugun prozesuak:
- Ardura banaketaren, zaintzaren eta talde kohesioaren inguruko 3 saioko prozesu bat egin dugu elikadura burujabetza lantzen duen Irungo Labore Txingudi elkartearekin. Taldearekin izandako ibilbide politaz gain, aukera izan genuen metodologia berriak esperimentatzeko. Prozesu horretan, komunikazio ez bortitzaren bueltan egindako lanketa nabarmenduko genuke.
- Barne antolaketa, erabakiak hartzeko metodologiak eta proiektuaren egiturari buruzko 3 saioko jardunbidea burutu dugu Errekaleor Auzo Askeko kideekin. Bide aberasgarria izan da, guretzat beti baita pozgarria Euskal Herrian hain erreferentzialak diren proiektuekin elkarlanean ibiltzea. Horretaz gain, oso aberasgarritzat jo ditugu prozesuan zehar Arterra eta Lakabeko kideekin izandako esperientzia elkartrukeak eta Soziokrazia deituriko antolaketa ereduan sakontzeko aukerak.
-
Guretzat beti da aberasgarria hango eta hemengo eragileekin elkarlanean aritzea, harremanak sortzea eta ekarpena egiteko saiakeretan aritzea. Hori dela eta, oso gustura ibili gara eta hala jarraituko dugu, hurrengo aste eta hilabeteotan etorriko diren eskaerei erantzunez!
- Halaber, Donostiko Bagera Euskara Elkartearekin elkarlanean aritu gara, ardura banaketa, proiektuarekiko atxikimendua eta talde kohesioa landuz. Kasu honetan, azpimarratu nahiko genuke taldeak bere eraldaketarako ibilbidearekin erakutsi duen konpromisoa. Izan ere, Herri Mugimenduentzat fazilitazio lanetan gabiltzanontzat, kezka nagusietako bat izan ohi baita sortu dezakegun dependentzia. Oraingo honetan, ordea, taldeak kanpo laguntza itxaron gabe bere bidea egiteko izan duen jarrera goraipatu nahiko genuke.
- Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak (BAMek) maiatzaren 24an Tafallan antolatutako “Burujabetzaren eta Herri Boterearen” aldeko topaketetan ere gure ekarpentxoa egin genuen. Hain zuzen ere, sortu berria den mugimendu honek Herri Mugimenduak saretzeko helburuarekin antolatutako topaketen egitarauaren baitan, HMaren arlokako bilkurak burutu ziren, eta gu horien aurre-prestaketan lagundu genuen. Pozgarria izan zen gerora Euskal Herriko hainbeste Herri Mugimenduetako kideak bertan parte hartzen ikustea.
- Azkenik, Donostiko Txominenea auzoko Behin Batean Euskaltzaleen Taldeko kideekin egin dugu ibilbidetxoa, taldearen oinarriak eta hurrengo hilabeteetarako estrategia zein ekintza plana sortzeko prozesuan kontraste lanak eginez.
Horra, ikusten duzuenez, azkenengo hilabeteotan ez gara geldirik egon, ezta aspertzeko denborarik izan ere!
Guretzat beti da aberasgarria hango eta hemengo eragileekin elkarlanean aritzea, harremanak sortzea eta ekarpena egiteko saiakeretan ibiltzea. Hori dela eta, oso gustora aritu gara, eta hala jarraituko dugu, hurrengo aste eta hilabateotan etorriko diren eskaera berriei erantzunez!