Ikasturte berri bat dugu ate joka Joxemi Zumalaben, eta egitasmo zahar eta berriei ekinez geure betiko xedeari eutsiko diogu: Euskal Herriko herri-mugimenduko eragileen beharrei erantzutea, bestelako jendarte-eredu baten alde borrokatzen dutenen ekarpen sozial eta politikoa ikustaraziz, sendotuz eta merezi duten errekonozimendua emanez.
Horretarako ditugun lan-ildoak hauexek dira:
-
Gogoeta-ildoa: Herri-mugimenduan pil-pilean dauden gaiei heltzeko erronkari eusten jarraituko dugu, gogoeta eta eztabaida espazioak aktibatuz edota horietan parte-hartuz. Horretarako, besteak beste, iaz abiatutako bi egitasmori helduko diegu aurten ere: “Gure garaian” irratsaioa eta IKTak eta herri-mugimenduaren inguruko gogoeta zikloa, hain zuzen ere.
-
Dinamizazio-ildoa: Herri-mugimenduko kolektiboek egiten dizkiguten eskaerei erantzuten jarraituko dugu barne-gogoetetan zein elkarlan- eta artikulazio-prozesuetan lagunduz. Iaz 20 eragile ingururekin aritu ginen elkarlanean, formazio-saioak egiten, prozesuen diseinuan laguntzen eta dinamizatzen zein kontraste-bilerak egiten. Aurten bide horretan jarraituko dugu, Euskal Herriko herri-mugimenduko eragileei geure ekarpen xumea eskaintzen dinamizazioaren ikuspegitik. Lan-ildo honen baitan jaiotako Esperimentazio Espazioarekin jarraituko dugu aurten ere, espazio goxo eta seguruan dinamizazio-tresna eta metodologiak esperimentatzeko saioak antolatuz.
-
Konfluentzia espazioetan parte hartzea: Besteak beste Murtxikatuz formakuntza politikoaren bueltan sortutako espazioan eta Koop57ko batzorde sozialean parte-hartzen dugu modu iraunkor batean.
Ikasturte oparoa opa diegu Euskal Herriko herri-mugimenduko eragile guztiei; asko dugu borrokatzeko, eta asko irabazteko ere. Xedeak argi izanda, goazen bideari arreta jartzera, militantzia eta parte-hartze goxo eta bizigarriak eraikiz. Horretarako bide-lagunak izan nahi bagaituzue, jarri gurekin harremanetan.