[Esperimentazio espazioa] “Nekea eta militantzia”, arakatze saioa Errekaleorren

Zer da nekea? Zerk nekatzen gaitu? Nolako jarrerak hartzen ditugu nekatuta gaudenean? Nolako onurak atera ditzakegu neketik?… Galdera sorta honetatik abiatuz, hausnarketa kolektibo bati bide ematea zen 2022-2023ko ikasturteko lehenengo esperimentazio espazioaren helburua.

Udazken betean murgildurik, han jaso gintuen eskuzabal Errekaleor Auzo Askeak. Ostiral arratsaldea zen eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lagunak elkartu ginen bertan, sozializatzeko, elkar ezagutzeko, hausnarketa abiatzeko eta Errekaleor bera ezagutzeko gogoz.

Bertako Gaztetxean burutu genuen saioa, izen-trukaketa eta berotze jolas bat egin ondoren, norberak nekearekin konektatzeko dinamika bat egin genuen: Non sentitzen dut nekea? Nolako gorputzaldia dut? Noiz sentitzen naiz nekatuta? Nolakoa naiz nekatuta nagoenean?…

Introspekzio ariketa honetatik abiatuz hiruko taldeak sortu eta norbere bizipenak konpartitu genituen talde txikietan. Solasaldia bi galderetan oinarritu zen: Zein dira nire bizipenak nekearekin militantzian? Zein jarrera hartzen ditut nekatuta nagoenean?

Jarraian, esperimentazio espazio honetako partaide guztiekin konpartitu genituen bi galdera horien bueltan hausnartutakoak. Eta sortu ziren gogoetak horrela laburbil daitezke:

  • Baga, neke mota ezberdinak daude: sortzailea, fisikoa (era baikorrean ulertuta, honek gelditzera baikaramatza), mentala… eta hauek hainbat modutan gorpuztu daitezke. Esaterako, neke mentalak buruko mina dakar askotan; eta neke fisikoak, ostera, hanka eta beso pisutsuak edo minduak sortzen ditu.

  • Biga, nekea beste emozio batzuekin lotuta doa. Hala ere, nekea norberak bizitzen duen lekutik bizitzen duela, berarekin dakarren emozioa oso bestelakoa izan daiteke kasu bakoitzean. Taldean konpartitutako batzuk tristura, haserrea, errua, poza edota askatasun sentsazioa izan ziren.

  • Higa, zerk nekatzen gaituen ere eztabaidagai izan genuen; hala, oso jatorri ezberdinak izan ditzakeela ondorioztatu genuen arren, hona hemen saioan plazaratutako batzuk: taldeak edo norberak bere buruarelkiko dituen igurikapenak bat ez datozenean gaitasun edo egiteko ahalmenekin, taldean giro txarra eta eztabaidak gailentzen direnean, egin ditugun lanak eskertuak, aitortuak edo baloratuak ez direnean, erabakiak hartzeko unearen prozesuak eta bertan gailentzen diren biolentziak zein botere-harremanak nagusitzen direnean, proiektu komun espliziturik gabe taldeak inertziaz aurrera jarraitzen duenean… Horrez gain, mundua minetik eraikitzeak poztasunetik eraiki ordez ere nekatzen gaitu. Zoriontasunetik, ilusiotik, maitasunetik eta poztasunetik mundu berri bat eraikitzen ausartu behar gara, minetik, exijentziatik eta tristuratik egin beharrean.

  • Laga, nekearen ondorioz, jarrera bat edo beste hartzen dugu guregain. Emozioek gure ekintza sozialak baldintza ditzakete; eta nekatuta gaudenean txikitu gaitezke, galbanak jan gaitzake eta etsipena zabaltzeko joera izan dezakegu. Ondorioz, prozesuak moteldu ditzakegu eta gure eragin eremuak mugatu.

Jarraian arrainontziaren dinamika egiteari ekin genion. Bi borobil egin genituen, bata bestearen barruan. Barrukoan lau aulki jarri genituen (baina talde handietan gehiago ere jar daitezke) eta beti bat hutsik egon behar du elkarrizketa hasi ahal izateko. Hala, hitz egin ahal izateko barruko borobilean dagoen aulki batean eseri beharra dago, kanpoko borobilekoek entzun egingo dute barruan daudenek esaten dutena. Dinamizatzaileek galdera bat botako dute eta horren inguruan solastuko dira barruko borobileko partaideek. Galderaren inguruko informazio nahikoa lortzean hurrengo galdera bat egingo dute dinamizatzaileek; horrela denbora agortu arte.

Laugarren aulkia kanpoko borobileko norbaitek hartuko balu beste hiruretako baten batek bere lekua utzi beharko du aulki bat hutsik geratzeko eta elkarrizketarekin jarraitu ahal izateko. Modu berean, barruko borobilean dagoen norbaitek aulkia uzten badu eta kanpoko borobilera irteten bada, elkarrizketak aurrera egin ahal izateko beste norbaitek hirugarren aulki hori bete beharko du. Arrainontziaren oinarrian bakoitzak bere bizipenetatik hitz egitea da.

Gurean, nekea eta militantziaren gaiari heltzeko, hurrengo galderak egin genituen:

  1. Nola agertzen da nekea gure gorputzetan?
  2. Zein beste emoziorekin agertu ohi zaigu nekea?
  3. Zein da nekeari ateratzen dizkiogun onurak?
  4. Zerk nekatzen gaitu?
  5. Zein tresna har genitzake nekatzen gaituen horri aurre egiteko?

Galdera horiei norbere bizipenetatik erantzuna eman ostean, nekearen aurkako tresnen kutxa sortu genuen! Banaka, binaka edo hirunaka bakoitzak nekeari aurre egiteko tresna bat sortu zuen irudimena erabiliz. Asmakizun horiekin museo bat sortu genuen eta tresnei moldaketak egiteko aukera izan genuen, horiek hobetu asmoz.
Tresna zoragarriak sortu genituen modu kolektiboan!

Saioari amaiera emateko Eduardo Galeanoren Besarkaden liburutik pasarte bat irakurri genuen norbere sua pizten zuen kandela eskuartean eutsiz. Sutxoen itsasoa izanik…

ez daude bi su berdinak direnik.
su handiak eta su txikiak daude
eta kolore guztietako suak.
Badago su bareko jendea haizeaz ere ez dena jabetzen,
eta su eroko jendea haizea txinpartaz betetzen duena.
Su batzuk, su memeloek, ez dute ez erretzen ezta argiztatzen ere;
baina beste batzuk, beste batzuk bizitza hain gogo handiz erretzen dute
zein ezin diren kliskatu gabe begiratu,
eta gerturatzen dena, piztu egiten da.