[Dinamizazioa] Txorimalo, erabakiak hartzeko erronkari helduz

Asteburu honetan Algortako gaztetxea izandako Txorimalo berramesteko bigarren saioan ibili gara dinamizatzaile.

Berriz ere eguraldi ederrak lagundu zigun, eta aurrekoan bezalaxe auzolan batek eman zion hasiera egunari. Bertaratutako kideak jo ta su ibili ziren garbiketa, txukuntze eta konponketa lanetan. Auzolanaren ostean prozesuaren bigarren asanbladari eman genion hasiera. Erronka handia geneukan aurretik: lehenengo saioan eta harremanen fasean irtendako ideietatik abiatuta, Txorimalo berriarentzako zerumuga hurbil eta egingarri bat erabakitzea; ez da gauza gutxi!

Ohikoa dugun legez, aktibazio dinamika batekin hasi ginen, buruak eta gorputzak aktibatzeko eta talde giroa pizteko (auzolanak helburu hori lortzea askoz errazagoa egin zigun). Taldekako “harri-orri-ar” jolasa egin genuen: espaziotik genbiltzala beste kide batekin topo eginez gero “harri-orri-ar” jokoa egin eta galtzailea bestearen atzean jarri behar zen, sorbaldetatik helduta. Hurrengo jokoetan atzekoek aurrekoa animatu behar zuten, kide guztiek suge luze bakarra osatu arte. Jolas honek bazuen sinbolikotik zerbait, eztabaidetan eta erabaki hartzeetan ideia batzuk baztertu eta beste batzuk hartuko baikenituen, eta ideien konfrontaziotik elkarlana eraikitzea izango zen saioko helburua, indarrak eta motibazioak batuz (nahiz eta horrek suposatu norbere ideia batzuk “galtzaileak” izango zirela).

Horren ostean lehenengo saiotik argitzeke geratu zitzaizkigun kontu batzuk berrartu eta horiek erabakitzen saiatu ginen: ideien zaparradan agertutako ekarpen batzuek nolabaiteko zalantzak edo ezinegona sortu zuten kide batzuengan, eta bigarren saioan aintzat hartuko genituen ala alboratuko genituen erabaki behar genuen. Horretarako semaforoaren dinamika erabili genuen: ideiak banan-banan irakurrita, taldeko kideek euren gorputza leku batean ala bestean kokaturik (alde / kontra) ideiarekiko pentsatzen zutena adierazten zuten (bazegoen erdiko puntu batean jartzea ere). Posizio ezberdinetako ahotsak entzuteko ronda egin eta gero, kideek euren posizioa alda zezaketen.

Behin kontu hori argituta (hiru ideiak aintzat hartzea erabaki zen) talde txikitan banatu eta etorkizuneko Txorimaloren “prototipoa” sortzen jardun ginen ordu betez. Horretarako lagungarri izan genituen lehenengo botean irtendako ideiak, alde batetik, eta galdera pizgarri batzuk bestetik:

  1. Ze egitasmo zehatzek izango dute lekua Txorimalon datozen urteetan?
  2. Egitasmook aurrera eramateko eta Txorimaloren barne-bizitza, kanpo harremanak eta abarrekoak kudeatzeko, ze parte hartze espazio izango ditugu (asanblada, koordinazio espazioa, lantaldeak…)?; ze funtzionamendu eskema zehatz izango dugu?
  3. Lehenengo botean zerrendatutako baloreetatik zeintzuk osatuko dute gure oinarri ideologikoen zerrenda? Eta nola lurreratuko ditugu “etiketa” horiek geure praktiketan?
  4. Eta guzti hau kontuan izanik, Txorimalo gaztetxea zena zer izango da orain? Ze izendapen emango diogu hemendik aurrera?

Ez zen lan makala izan, eta kideek euren buruak ederki berotu zituzten zehaztasunera heltzeko. Behin hiru taldeek euren egitekoa bukatu zutela berriro elkartu eta, plenarioan, sortutako proposamenak elkarbanatu eta horien inguruko eztabaidari bide eman genion. Polita izan zen nola, ñabardurak ñabardura, proposamenek sintonia handia izan zuten euren artean.

Aurrekoan bezalaxe, oraingoan ere lan batzuk egiteke utzi genituen, hurrengo saioan berrartzeko gogoz: Txorimaloren izendapenerako iritzi ezberdinak egonik (izena mantendu ala berri bat asmatu, aurreko proiektuarekiko haustura irudikatzeko) gaia geure buru eta gorputzetan beratzen uztea erabaki genuen. Abenduaren 6an berrekingo diogu gaiari, prozesuaren azken botea emango dugun horretan.

Goizari balorazio erronda ireki batekin eman genion amaiera, eta geure konpartituko dugu hemen: plazer handia da horrelako prozesu politetan bide-laguntza lanetan aritzea, eta elkarlan giroak eta ilusioak asko errazten dute bide-laguntza hori. Eskerrik asko bertara gerturatutako guztiei, eta bereziki prozesuaren ardura euren gain hartu duten Talde Motoreko kideei!