[Dinamizazioa] Txorimalotik Kabia sortu da

Txorimalo gaztetxeak utzitako espazioa beteko duen proiektuaren lehenengo urratsak bizi genituen joan den abenduaren 6an.

Txorimalo gaztetxeak utzitako espazioa proiektu berri batekin betetzeko prozesuaren hirugarren botea izan genuen pasa den abenduaren 6an. Aurrekoetan bezalaxe auzolan batekin hasi genuen eguna, eta toldo baten instalazioan jo ta su aritu ostean, 12:30etan eman genion hasiera prozesu honen azken saioari.

Eguneko erronkak proiektu berriaren izendapena erabakitzea eta proiektuaren baitako espazio ezberdinak aktibatzea izan ziren. Horren aurretik bertaratutako lagunei ongietorria eman, eguneko plana azaldu eta aktibazio-jolas bat egin genuen (“ninja” jolasa). Gorputzak aktibaturik eta umoretsu ekin genion lehenengo eztabaidari, eta momentu batzuetan trabatuta sentitu baginen ere, izen berri bat erabakitzera heldu ginen: Kabia. Sinbolikoki izen potentea, txorientzako babes eta zaintza gunea irudikatzen duena; inguruko kaleek, gainera, txori izena dute (Kaioa kalea, Usoa kalea, …). Sinbolismo horiek errealitatez bete daitezela espero dugu!

Behin izena erabakita Kabiaren parte-hartze espazio ezberdinak aurkeztu genituen (aurreko saioan irudikatutakoak) eta Joxemi Zumalaben “Kalabaza” deitzen dugun ariketa egin genuen: kideek ze parte-hartze espaziotan kokatzen diren adierazi behar zuten, betiere kontuan izanik espazio batean kokatzeak taldearekiko eta proiektuarekiko konpromiso bat dakarrela. Ederra izan zen kideak motibatuta ikustea espazio guztiak betez.

Saioaren azken partea egitasmo ezberdinen barne funtzionamendua zehazten eta lehenengo urratsak irudikatzen eman genuen. Oraindik ere lan handia egiteko badago ere, hasiera emankor bat bizi izan genuen. Hori ospatzeko bazkari goxo batekin eta kontzertu akustiko batekin amaitu genuen eguna.


Joxemi Zumalabetik atsegin handiz ematen diogu ongietorria Kabia proiektuari, eta bihotzez eskertzen dugu elkarlanerako agertutako ilusioa eta prestutasuna, plazerra izan da elkarrekin lan egitea! Interes handiz jarraituko diogu oraindik aurrera sortzen denari, eta ziur gaude geure bideak berriro gurutzatuko direla, modu batean edo bestean. Mila esker prozesu hau posible egin duzuen guztiei, eta aitortza berezia Talde Motoreko kideei. Besarkada estu bana!