[Esperimentazio espazioa] Gorputzetik abiatu eta aritu, Zapalduen Antzerkiaren laguntzaz

2022-2023 ikasturteko bigarren esperimentazio espazioa egiteko batu ginen duela aste batzuk Algortako Kabia Gune Okupatuan. Negu erdi-erdian, kanpoan hotza, euria eta haizearekin sartu ginen barrura, euri eta haizerik gabeko espazio hotzera. Saiatu ginen gure jardunarekin berotzen, eta hein batean lortu ere egin genuen.

Zapalduen Antzerkiko teknika batzuk esperimentatu genituen oraingo honetan. Sarritan esaten dugu prozesuak eta ikaspenak gorputzetik pasatzeko beharra dugula, edo hausnarketak gorputzetik abiatzekoa; herri mugimenduetan burutik aritzen garela, pentsatu eta gogoetak kogniziotik egiten, eta gure jardunean gorputza sartzea falta zaigula. Baina nola egiten da hori? Erantzunak topatzea kostatzen zaigu.

Erantzun hori bilatze saiakeretan gabiltzan honetan Zapalduen Antzerkiarekin aurkitu ginen kide batzuk duela denboratxo bat, eta hau herri mugimenduetara ekartzeko moduari buelta batzuk ematen hasi ginen. Gorputzetik abiatzeko eta aritzeko teknika bat ekartzen digu Zapalduen Antzerkiak, eta esperimentazio saio honetan teknika hau herri mugimenduetara nola hurbildu eta eraman genezakeen probatu genuen.

Saioa emankorra izan zen. Bizi izan genuen ohituta ez gauden bide hauek nolako aukerak ematen dizkiguten, eta aldi berean gure eragile eta kolektiboen egunerokora eramateko zein zailtasun topatzen ditugun. Erronka bat dugu aurrean, eta gogotsu gaude bideak esperimentatzen jarraitzeko!