Hondarribiko Psilocybek badu bere lehenengo Indarkeria Matxistei aurre egiteko protokoloa

Maiatzaren 20an eman diogu itxiera Hondarribiko Psilocybe musika elkartearekin egindako Eraso Matxisten kontrako protokoloa sortze prozesuari. Urtarrilean hasi eta 5 hilabetetan zehar egindako saio eta bidea oparoa izan da, eta momentu honetan esan genezake Psilocybek badaukala bere lehenengo Indarkeria Matxistei aurre egiteko protokoloa; aupa zuek!

Urtarrilean eman genion hasiera 2 saio ez-mixtorekin. Horietan erasoak zer diren eta egungo jendartean indarkeria matxistek duten formen inguruan aritu ginen. Horiek Psilocyben ea ze leku duten eztabaidatzen hasi ginen, gaiari lehenengo hurbilpena eginez.

Otsaileko saioak ere ez-mixtoak izan ziren, eta horietan, Psilocybeko espazioaren eta antolaketaren analisia egin genuen bertaratutakoen artean. Ostean, emakumeekin* erasoen gaiarekiko dituzten minak landu genituen adierazpen modu ezberdinak erabiliz; eta gizonekin* eraso bat gertatzen denean gizonen taldeetan pasatzen dena aztertu, identifikatu eta horren inguruan hitz egiten aritu ginen rol playing bat egin ostean.

Martxokoak saio mixtoen lehenengoak izan ziren, hainbat beldur, nagi eta erresistentzia bizitzea tokatu zen saio hauetara etortzeko, eta horietako batzuk guk uste modukoak ez zirela bizi izan genuen sorpresa ederrak hartuz. Saio hauetan taldearen heterogeneitatea ikusteko dinamika bat egin genuen, eta gorputz ezberdinen bizipen eta kokapenek taldean ze lekutan egon gaitezkeen ikusten lagundu zigun. Hilabete honetako lanketa bukatzeko emakumeak* eta gizonezkoak* elkarrizketan jarri genituen galdera, eskaera eta mezu bat idatziz bakoitzak besteei. Horrela, talde handian entzun eta erantzun genituen kideen mezu eta galderak.

Apirilean Psilocybeko protokoloan dagoenaren eztabaidan sartu ginen. Beste eragile batzuen protokoloak irakurri eta analizatuz Psilocybera zer ekarri nahi genuen eta ezinbestekoa zer den eztabaidatzen hasi ginen talde txikietan. Horren ostean, boterearen zirkulua izeneko dinamikaren bidez talde txiki bakoitzak bere proposamena azaldu ostean talde handiko eztabaida ireki genuen. Saio bakoitzean erabaki batzuetara edo helmuga batzuetara iritsi ginen, protokoloaren oinarria osatzen duten adostasun horietara.

Apirileko saioetatik 8 kide inguruko taldetxo bat osatu zen, hilabeteko epean ordurarte egindakoak hartu eta horretatik abiatuz protokoloa idatziko zuena. Lan handia eta txukuna egin ostean maiatzeko saio bakarrera iritsi ginen. Saio honetan talde osoaren aurrean aurkeztu zuten hilabeteetan zehar landutakoa eta azken hilabetean paperera ekarritakoa. Ekarpen, galdera eta zorionen tartean onartu zen ahobatez Psilocybeko lehenengo Indarkeria Matxistei aurre egiteko protokoloa.

Familia argazkia atera ostean merienda batekin eta musika apur batekin ospatu genuen egindako lana. Elkarri eskerrak eman eta emozionatu ginen, hilabeteetan zehar egin duten lana eta izandako eboluzioa ikusi eta bizitzeak eramaten gaitu sinisten jarraitzera egiten dugun lan honetan, espazio feministak eraikitzen jarraitzeko indarra ematen digu. Eta beraiek ere eskertu ziguten behin eta berriz eskainitako bidelaguntza. Bidea elkarrekin egitea ederra izan da!