Joxemi Zumalabe EHZ-n izan da, herri mugimenduen estrategia politikoen inguruko eztabaida gidatzen

Aurtengo EHZ festibalaren baitan, eztabaiden txokoan “herri mugimenduen estrategia politikoak eztabaidan” solasaldia antolatu genuen

Joxemi Zumalabe Fundazioan intzidentzia politikoa, estrategia eta eraginkortasunaren hariari tiraka hasi gatzaizkio, gai hori ikuspegi kolektibotik lantzeko helburuarekin. Saioaren xedea, orain arte askotariko taldeen eskutik jaso ditugun gogoetak partekatzea eta, aurrera begira, bide berriak urratzeko eztabaida kolektiboa egitea litzateke.

Gaiaren kokapen batekin batekin abiatu genuen saioa: nondik gatozen, estrategia politikoak nola ulertzen ditugun, herri mugimenduetan antzeman ditugun kezkak…

Ostean, herri mugimenduon inzidentzia eta eragiteko gaitasunaz aritu ginen talde txikietan. Intzidentzia politikoa bera zer den definitzea ere zaila da, dudarik ez, baina bereziki arduratzen gaituena mugimenduok gure inguruan eragiteko dugun gaitasuna da, sakoneko aldaketak sortzerakoan ditugun oztopoak, edo eta estrategikoki pentsatu eta helburu zehatz baina esanguratsuak ezartzeko ditugun abileziak (eta abilezia faltak).

Talde txikietan jarraituz, gai batean fokalizatu eta eszenatoki ezberdinei aurre egiteko estrategia kolektiboak identifikatzeko ariketa egin genuen. Oso ariketa mamitsua izan zen, baita motz geratu ere! Landu ziren eszenatokien artean zeuden: lurren espekulazioa, amazonen pabilloia, greba feminista, norbere herrian bizitzeko eta etxebizitza eskuratzeko arazoak…

Borobiltzeko, bakoitzak bere kolektiboan gure estrategia propioei heltzeko galdera posibleak partekatu genituen.
Esan beharra daukagu, oso balorazio positiboa egiten dugula, edukien mamia zein parte-hartze altuagatik. Hemendik parte-hartzaile zein EHZko antolatzaileak eskertu nahi ditugu. Gogoeta bide berri bati ekiteko bultzada ederra izan zen! Biba EHZ!

*Uztailak 22an,, Iraultza Txikien Akanpadan saio hau errepikatuko da. Bertan izango duzu parte-hartzeko aukera! Info: https://ita.eus/