Ikasturte berriak eskaera berriak ekarri dizkigu Joxemi Zumalabe fundazioko dinamizazio lantaldeari, eta horiekin batera erronka, bidelagun eta ikaspen berriak ere.
Gure fundazioaren dinamizazio-ildoak kolektibo eta mugimenduetatik prozesuen diseinu eta “dinamizazio” lanetarako iristen zaizkigun laguntza eskaerei erantzutea du helburu, pedagogia emantzipatzaileetan oinarritzen diren printzipio politikoekin bat datozen irizpideetan oinarrituz. 2022-2023 ikasturte oparoa izan zen ildo honetan, Euskal Herriko puntu ezberdinetako hamahiru eragilerekin gai ezberdinak jorratzeko saioak edota prozesu luzeagoak egin genituelarik.
Aurten ere indartsu heldu diogu ildo honi, dagoeneko zazpi eskaera esku artean ditugu eta horietatik laurekin bidelaguntza prozesuak abiatu ditugu. Eragilean delikatuak diren gaiak jorratzeko asanbladen dinamizazioa, eraso matxisten aurkako protokoloen sorrera, eragile berrien eraketa prozesuak, barne-horizontaltasuna bermatzeko tresna metodologikoen lanketa… dira jorratzen gabiltzan gaietako batzuk.
Donostiako Kaleko Afari Solidarioak, Irungo Lakaxita gaztetxea, Jauzi Ekosoziala eta Bilboko Euskaltzale Aktibisten Foroa eragileekin batera abiatu ditugu akonpainamendu prozesuok, eta horietako bakoitzean gure ekarpen xumea egiten saiatzeaz gain, hamaika ikaspen egiten gabiltza. Guretzat benetako plazera da horrelako egitasmo potente eta eraldatzaileekin batera lan egitea!
Donostiko Kaleko Afari Solidarioak
Kale egoeran dauden pertsonek egunero afal dezaten bermatzea bilatzen duen egitasmoa da hau, hainbat taldetan banaturik sistemak zapaldutako pertsonekiko maitasuna eta elkartasuna modu eraldatzailean jartzen dituena praktikan. Guregana jo zuten euren militantzia osoa elkartuko zuen asanblada baten dinamizazioan laguntzeko. Halako eskaera jasotzea berezia izan zen guretzako, geure fundazioak Donostiko Egian baititu erroak, eta eragile nazionala bada ere, “etxean” ekarpena egiteak bereziki asebetetzen gaituelako.
Irungo Lakaxita gaztetxea
Historia luzeko espazio autogestionatu honek eraso matxisten aurkako protokoloa sortzeko nahia adierazi zigun, espazioa kudeatzen duen asanbladak eta bertako komunitateak gai honekiko ardura hartzeko asmoarekin. Aurreko ikasturtean Hondarribiko Psilocybe musika elkartearekin bezalaxe, saio bakarra proposatu beharrean, gai honek pertsonalki eta eragile bezala zelan zeharkatzen gaituen hausnartzeko eta gorpuzteko prozesu feminista proposatu genuen Joxemi Zumalabetik. Dagoeneko lehenengo saioak burutu ditugu, ez-mistoak. Lakaxitako emakumeekin* eta gizonekin* batera saio bana egin dugu, indarkeria matxistari eta erasoei markoa jartzeko, hurrengo saioei begira oinarri komun bezala balioko diguna. Horretarako, besteak beste, Emaginek eta Bilgune Feministak 2014an plazaratutako “Festa dezagun gaurdanik geroa” dokumentala baliatu genuen, gaia gure espazio militanteetara eramateko zinez lagungarria.
Jauzi Ekosoziala
Jauzi Ekosozialak eragile bezala definitzeko eta etorkizuneko helburuak, lan-ildoak… definitzeko prozesu bat abiarazi du. Lau saio izango dituen prozesu honetan Joxemi Zumalabeko kideak arlo metodologikoari lotutako ekarpena egiten ibili gara, saioak prestatzeko kontraste bilerak eginez.
Azaroaren 12an egin zuten lehen saioa, zeinetan Ekotopaketen ostean abiatutako dinamikaren balantzea eta etorkizuneko Jauzi amesteko ariketak landu zituzten. Hurrengo hilabeteetan zehar izango dira falta diren 3 saioak, eta bertan Euskal Herriko Mugimendu Ekologistari bultzada ematen saiatuko den eragilea definitzen saiatuko dira Jauziko kideak.
Bilboko Euskaltzale Aktibisten Foroa
Bilboko Euskaltzale Aktibisten Foroa Bizkaiko hiriburuko euskalgintzari bultzada emateko asmoz jaiotako ekimena da. Bost saiotako foro bat jarri dute martxan, formakuntzarako eta eztabaidarako baliagarria izateko zein etorkizuneko Bilboko Euskaltzaleen Mugimendua hauspotzeko asmoarekin. Adin, auzo, genero… ezberdinetako 60 kide inguru daude saioetan parte hartzen, eta Joxemi Zumalaberekin harremanetan jarri ziren saioen dinamizazioa eta sistematizazioa batera lantzeko.
Ordura arte, 3 saio burutu ditugu. Lehenengoan, urriaren 3an, Bilboko euskaldunen egoerari lotutako zenbait problematika landu genituen Alde Zaharreko Bira Kulturgunean. Bigarren saioan, urriaren 24an, Lorea Agirreren ekarpena jaso genuen eta euskalgintza intersekzionalaren zein hizkuntz eskubideen gaia jorratu genuen Santutxuko Karmela Auzoetxean. Azkenik, azaroaren 14an Jon Sarasuaren hitzaldiak ardaztu zuen Foroko 3. saioa, zeinetan euskalgintzaren ibilbidea, eta nagusiki etorkizuna, izan genituen hizketagai Deustuko Bidarte Espazioan. Falta diren bi saioetan etorkizuneko Bilboko Euskaltzaleen Mugimendua hauspotzen saiatuko gara, aldarrikapen eta ekimen ezberdinak jorratuz.