Joxemi Zumalabek fundazioa ekonomikoki babesteko “Zumalabe-Laguna” ekimena jarri du martxan

Fundazioaren jarduna ekonomikoki sostengatzeko laguntza bila dabil Joxemi Zumalabe, horretarako eragile zein norbanakoen ekarpenak jasotzeko bideak eskaintzen dituelarik.

Euskal Herrian bestelako jendarte baten alde lanean jarduten diren talde eta mugimenduei merezi duten errekonozimendua aitortzeko xedea izan du Joxemi Zumalabe fundazioak bere hastapenetatik, baita herri mugimenduen arteko elkar-ezagutza eta elkarlana erraztea ere. Gaur egun hasierako asmo berdinarekin jarraitzen du, baina orduko eta egungo egoera ekonomikoak ez dira alderagarriak. Urte luzez fundazioa sortzea ahalbidetu zuen hasierako diru-ekarpenak bere jarduna sostengatzeko balio izan du, baina diru-poltsa hori amaitzear dago eta, gaur gaurkoz, diru-iturriak ugaritzeko beharrean daude.

Horregatik ZumalabeLaguna ekimenari bultzadatxoa eman nahi diote. Orain dela urte gutxi batzuk abiatu zuten eta ekimena berriz zabaltzea erabaki dugte Zumalabelagun berriak topatzeko asmoz. Horrekin batera azken urte hauetan diruz (eta bestela ere) laguntza eman duten kide eta eragileak eskertu nahi izan dituzte ere.

Egitasmoarekin bat egiteko bideak esteka honetan ikus daitezke.

“Kanpotik indartsuak, barrutik mamitsuak eta bihotza hamaika haziz beteta duen herri mugimenduekin lanean jarraitzeko gogotsu gaude!