Saioan dinamizazioaren beharraren eta zentzu politikoaren inguruan aritzeaz gain, dinamizaziorako tresna zehatzak esperimentatzeko aukera izan dugu.
Gure eragileetan argi izan ohi dugu barne-demokrazia, horizontaltasuna, botere desorekak gutxitzeko boterearen dispertsioa… bermatu nahi ditugula, militantzia eraldatzaile eta sostengarriak bizi ahal izateko. Hala ere gehienetan gure praktiketan korapiloak agertzen zaizkigu, bizi dugun dominazio sistemaren praktika zapaltzaileak erreproduzitzen ditugu, eta eskuetatik ihes egiten digu horren kudeaketak. Dinamizazio kontzienteak garatzeak horretan lagundu gaitzake. Ez gara ari dinamikak egiteagatik egiteaz, geure funtzionamendua zaintzeko eta eraldatzeko tresnak eta moduak martxan jartzeaz baizik.
Horren inguruan aritu ginen orain egun batzuk Ernaiko kideekin. Euren praktiketan dinamizazioa oso presente izanda ere, horretan arreta jartzeko, korapilo batzuk askatzeko eta euren militantzia trebatzeko eta ahalduntzeko apustua egin dute, eta bide horretan bide-lagun izateko erronkari heldu genion Zumalabekideok, ilusio handiz.
Talde kohesioa areagotzeko eta talde indarra aktibatzeko dinamika pare batekin eman genion hasiera saioari. Horren ostean Zumalaben darabilgun taldeen, bertan jokatzen ditugun rolen, botere eta rango kontzeptuen zein dinamizazio-politikoaren inguruko marko teorikoa azaldu genuen, dinamizazioaren beharra eta helburua ondo finkatzea ezinbestekotzat jotzen baitugu. Geure taldeetan bizi eta erreproduzitzen ditugun errealitateez jabe izan barik, zaila egingo zaigu praktika eraldatzaileak gauzatzea.
Saioak, baina, tresna praktikoak ezagutzeko helburua zuen, eta horretan murgildu ginen bi tresna zehatz esperimentatuz: rol-jolas alderantzikatua (saio honetarako beren beregi prestatu genuena) eta arrainontziaren dinamika.
· Rol-jolas alderantzikatuak gure militantzia espazioetan jokatzen ditugun rolek zer nolako jarrerak eragiten dituzten kontzientera ekartzeko helburua izan zuen. 8 kideko bilera bat antzeztu genuen, kide bakoitzak besteek ikusten zuten pertsonai baten izena eta ezaugarriak kopetan itsatsitako papertxo batean zuelarik. Ariketa polita izan zen, teorian ikusitako hori gorputza zeharkatu zigun bizipenean sentitzeko aukera eman baitzigun.
· Horren ostean arrainontziaren dinamika erabili genuen Ernain presente dagoen eztabaidagai bat lantzeko. Dinamika honek gai baten bueltan dauden posizio ezberdinak esploratzeko eta azalarazteko helburua dauka (ez da erabakiak hartzeko dinamika bat), parte hartzeari eta hitzartzeen banaketari arreta berezia jarriz.
Arin joan zitzaigun saioa, eta maiz gertatzen zaigun bezala, gehiago sakontzeko eta konpartitzeko gogoekin geratu ginen. Lanketa honetan bide-lagun rolean saio gehiago egingo ditugu, baina, eta perspektiba horren ilusioarekin eman genion amaiera saioari.
Plazera izan zen Ernai bezalako antolakunde batekin elkarlanean aritzea; Zumalabetik gure aitortza osoa gazte mugimenduan egiten duzuen lanari!