Ikasturtea aurrera doan honetan, Joxemi Zumalabeko kideok Herri Mugimendu ezberdinetatik heldutako dinamizazio eskaerei erantzuten jarraitzen dugu, ilusioz eta erronkaz beterik.
2025. urtea topera hasi dugu Joxemi Zumalabeko Dinamizazio Taldean; Euskal Herriko hainbat txokotan, Herri Mugimenduko zenbait eragilerekin elkarlanean, euren prozesuetan bidelagunduz.
Izan ere, hainbat prozesutan murgilduta ibili gara azken hilabeteotan, eta horiekin jarraituko dugu hurrengo asteotan, erronkaz eta irakaspenez betetako ibilbidean.
Esku artean izan dugun elkarlanetako bat izan da Euskal Udalekuetako Goñiko kideetako batzuekin. Haiekin elkarlanean aritu ginen, euren udalekuetako txandetan duten antolaketa ereduari buelta bat emateko, asanblada baten metodologiaren kontraste lanetan. Gure ustez, gai interesgarria da Herri Mugimenduen antolaketa ereduarena, batez ere eredu horien eraginkortasuna eta jasangarritasuna talkan kokatzen direnean, eta irakaspen garrantzitsuak atera genituen Goñiko kideek egindako gogoetetatik.
Horretaz gain, Donostiko Bagera Euskara Elkartearekin aritu gara, ardura banaketa eta talde kohesioa landuz. Lehenengo saioetan, taldearen nahi eta beharrei erreparatu diegu gehienbat, eta hurrengo asteotan horiek asetzeko tresnak sortzeari ekingo diogu. Prozesu honetan, bereziki interesgarria izan zen talde kohesioa lantzeko erabili genuen Biodantzan oinarritutako dinamika. Hain zuzen ere, askotan harremanekin, sentimenduekin… lotutako aferak modu guztiz arrazional batean lantzeko joera dugu Herri Mugimenduok, eta begirada ezberdin honek aukera berri ugari eskaintzen dizkigulakoan gaude.
Bestetik, Errekaleorren ibili gara, proiektuak duen barne antolaketa eta funtzionamendua errebisatzeko prozesu bat bidelaguntzen. Bereziki interesgarria izan da errazte prozesuetan interes handia duten kideekin elkarlana, eta ilusio eta ardura handiz bizitzen ari gara halako dimentsioa duen proiektu batekin talde-lanean eta gogoetan aritzea
Azkenik, Azkenik, Irungo Labore Txingudi kontsumo elkarteko kideekin ere ibili gara, proiektuaren ardura banaketa eta bizigarritasuna lantzen, eta horretan jarraituko dugu!
Bada, lan eta lan jarraitzen dugu, Herri Mugimenduei gure ekarpena egiteko asmoz, eta halaxe jarraituko dugu datorren aste eta hilabeteotan, ditugun hamaika eskaerei jarraipena emanez, baita beste kolektiboetatik heldu daitezkeen eskaerak aztertuz ere!
Ondo segi!