Skip to main content

“Herri Mugimendua(k): eraginkorra(k) ote?” prozesuaren ondorioak eta zabaltze bitartekoak aurkeztu ditugu

Bilbo, Euskal Herria, 2026ko azaroaren 4a. Hasi dira sartzen Kafe Antzokian Bilboko eta inguruetako Herri Mugimenduko kideak. Aspaldiko ezagunek elkar agurtzen dute, egin eginean ere, saltsa ugaritan gurutzatuak baitira. Jakinmina usaintzen da airean, baita Bizilur eta Joxemi Zumalabe Fundazioko Gogoeta Lantaldeko kideen ilusioa: 2 urte luzeren ostean, heldu da egun handia!

Izan ere, 2024ko udan abiatu genuen gaur aurkezten dugun Gogoeta-Ekintza prozesuaren bidea. Ilusioa zen nagusi egun hartan ere: ibilbide luzeko Zumalabekideak lagun berriekin egiten genuen topo…  ikasketa kolektibo zabal honen lehen geltokia zen, bai! “Herri Mugimendua(k) eraginkorrak ote?” galderari erantzuna topatu nahi genion eta, berehala, lehen burutapenak trukatu genituen, mahai-inguru alaiean, euritakorik gabeko idei zaparradan.

Tailerrak joan, hausnarketak etorri, geltoki ugari ibili ditugu geroztik: 10 tailer Euskal Herriko luze zabalean, zortzi herri eta hiritan; 150 militante baino gehiagoren parte hartze eta ekarpenak; ibilbide, izaera eta korronte anitzeko 19 militanteri elkarrizketak; Herri Mugimenduko hainbat eragiletako kidez osatutako Jarraipen Batzorde Zabalak prozesuari egindako ekarkinak eta jarraipen-bilerak, jakintza eta esperientzia anitzak txertatzeko; Gogoeta Taldearen eztabaida monografiko mamitsuak… metodologia ahalik eta zabalena baliatzen saiatu gara, baita emaitzak neurrian jaso ere!

Kafe Antzokira bueltan, aretoa prestatzen ibili gara: aulkiak gehitu agudo, jende gehiago datorrela! (borobilean jarrita horizantalagoak izango ote gara edo denak aurrera begira jarriko ditugu? Dena hartu nahi dugu kontutan…). Liburuak atrilean erakusgarri, aldizkariak jesarlekuetan, gidoiari azken gainbegirada… Prest gaude! JZFren materiala ere ekarri dugu; izan ere, gure fundazioak 30 urte betetzen ditu aurten. Hori ere, jakina, presente izan nahi genuen gaur: Zorionak Zumalabekideok, eta bidea ireki zutenei ohore!

70 lagun inguru gerturatu dira gaur aurkezpen berezi honetara, eskerrik asko denei! Gurean ezinbestean, dinamika batekin hasi dugu arratsaldea. Antzokiko plazak leku ezin hobea eskaini digu “Espaziotik ibili” jolasa egiteko; bertan taldekatu gara txandaka bota ditugun irizpideen arabera (adina, bizilekua, jatorria, zapaten kolorea…); ingurura begiratuta, ze hausnarketa egin dezakegu taldekatzearen emaitza eta ondorioak ikusita?

Gorputzak eta burmuinak berotuta, aurkezpenari ekin diogu. Argazkiekin lagunduta, Gogoeta-Ekintza luze honen nondik norakoak azaldu ditugu, prozesuaren helburuetatik abiatuz: EHko Herri Mugimenduen definizioa eta eraginkortasun politikoaren irakurketa komuna sortu; eraginkortasun hori mugatzen duten korapiloak identifikatu eta, finean, eraginkortasun politikoa handitu, identifikatutako korapiloak askatzeko tresna praktikoak sortuz. Bide horretan,  hemengo korapiloak Hegoalde Globaleko errealitatearekin alderatu eta elkarrengandik ikasteko Argentinara bidai bat antolatu genuen, Euskal Herri osoko HMen kidez osatutako 10 lagunen delegaritzarekin. Zeharo esperientzia aberasgarria izan zen, batzen gaituena eta munduan dugun lekua ulertzeko.

Korapiloei dagokionez, 40 baino baino gehiago identifikatu genituen! Gure buruak zigortzeko baino, irakurketa eraikitzailea egiteko baliatu nahi izan ditugu ordea. Jarraipen Batzorde Zabaleko kideek lagunduta, oinarrizkoak, konpongarriak, edo premiazkoak zirelakoan, 6 korapilo lehenetsi genituen, baita horiek askatzeko tresna praktikoak sortzeari ekin ere:

  1. Militantzia ereduen bilakaera eta autoestimu iraultzailearen galera.
  2. Formakuntza integralaren falta.
  3. Kanpo komunikazioan gabeziak.
  4. Plangintza errealistak egiteko eta borrokak uztartzeko zailtasunak.
  5. EHko HMaren zuritasuna.

Gernika, Hazparne, Gasteiz, Bilbo eta Zumaiako tailerretara hurbildutako kideek lagundu ziguten korapilo horiek askatzeko tresnak diseinatzen hasten, zabaltzeko bitartekoetan garatuta topatuko dituzuenak. Arean ere, sortu baititugu prozesu osoa laburbiltzen duen ikusentzunezko dokumentala, militaeei egindako elkarrizketen liburuxka eta gogoeta-ekintza osoaren sistematizazio liburua, erabilitako metodologia, oinarri teorikoa, korapiloen azalpenak eta tresnak… biltzen dituena, besteak beste.

Liburua, liburuxka eta dokumentala eskuragarri dituzue, klikatu eta bertan ikusi edo deskargatu besterik ez duzue!

Prozesuaren azken helburua izan da, nola ez, jasotako ondorioak zabaldu eta HMari bueltatzea. Gaurko aurkezpenarekin jartzen gara martxan, 2027an zabaltze bitartekoak herrialde guztietara eramateko asmoarekin. Adi! Zuen herrian edo eragilean aukezpena jasotzeko interesa baduzue, ez egin zalantzarik eta idatziguzue harremanak@joxemizumalabe.eus helbidera.

Tipi-tapa, egunari txapela jartzeko, luntx gozo bat partekatu dugu Antzokira bertaratutakook, Eyre eta  Andoniren kontzertu-kantaldi gozoarekin lagunduta. Eskerrik asko eurei jarritako umoreagarik!

Bada horrela, eguneko emozioak pausatuz apurka, pote batekin ospatu dugu bidearen zati honen amaiera. Eta zapore benetan onarekin bueltatu gara etxera aizue, bihar hausnarketa eta borrokaren bidean jarraituko dugulako, Herri Mugimenduarentzat ideia berriak sortzen, Herri Mugimenduetatik kolektiboki ikasiz eta Herri Mugimenduekin batera etengabeko hausnarketa eta (auto)kritika eraikitzailerekin ekiten.

Kalean elkartuko gara lagunok! GORA HERRI MUGIMENDUAK!!!

aaa