Aste Nagusiaren prestaketa betean daudelarik, barne-funtzionamenduari begira jartzeko parentesia egin dute Bilboko Konpartsek
Euskal Herriko herri mugimenduetan aliantza espazio handienetakoa osatzen dute Bilboko Konpartsek, ibilbide luze bezain oparoa duena. Kide guztiek propio sentitzen duten amets baten bueltan hamaika ikuspegi, proiektu politiko, lan egiteko modu… elkartzen dira. Halako espazioak ez dira errazak, funtzionamendu konplexua dute, eta ugariak dira sor daitezkeen korapiloak: erritmo ezberdinak, komunikazio arazoak, eragileen arteko tirabirak eta mesfidantzak, botere-harremanak, aniztasunean elkar ulertzeko zailtasunak… Ilunak badira, eta argiak asko ere!
Guzti horiei begira jarri ginen ekainaren 18an, lau orduz, dinamizazio-politikoaren ikuspegitik. Zer da dinamizazioa? Zer eskaintzen digu? Nola egin dezakegu? Galdera ugari, gogoeta interesgarri pilo… eta denbora gutxi. Azkar joan zen saioa, eta konturatu ginenerako bukatzeko ordua zen; lanketa abiaraztearen zapore onarekin geratu ginen, eta aldi berean pausu gehiago emateko beharrarekin, goiz horrek gehiagorako eman ez izanaren penarekin. Bideak jarraituko du, ziur gaude, eta mereziko du. Mila esker bidearen zati honetan gurekin kontatzeagatik, plazera izan da!
[Aliantzen gaian sakontzeko: https://labur.eus/WRTfR ]