Dinamizazioa

Dinamizazio-eskaera bat egin nahi badiguzu, jarri gurekin harremanetan posta elektronikoz zein telefonoz:

harremanak@joxemizumalabe.eus / (+34) 722 344 527

Kolektibo eta mugimenduetatik prozesuen diseinu eta “dinamizazio” lanetarako iristen zaizkigun laguntza eskaerei erantzutea Joxemi Zumalabe Fundazioaren nahietako bat da. Izan ere, kolektiboen barne gogoetetan eta beraien arteko elkarlan zein artikulazio prozesuetan laguntzea gure jardunaren ardatz nagusietako bat bilakatu nahi dugu. Deialdiak, bileren dinamizazioa, aktak, zirriborroak eta gogoetatutakoaren itzulera dokumentuak prestatzea dira egiten ohi ditugun lanak.

Lan horiek baina, pedagogia emantzipatzaileetan oinarritzen diren printzipio politikoekin bat datozen irizpideetan oinarrituz egitea dugu helburu. Besteak beste, dinamizazio prozesuetan alde arrazionalaz gain, alde erlazional eta emozionala ere mahaigaineratuz, gorpuztasuna eta ludikotasuna prozesuetan iraunkorki integratuz eta kide eta herritar ororen parte hartzea bermatzeko bitartekoak sortuz.

Zentzu horretan, jakintzaren eraikuntza kolektiboari, talde lanari, prozesuetan bertan gauzatzen diren botere harremanei zein erabakitze moduei arreta berezia eskaintzen diegu. Azken batean herri eragile ezberdinen barne funtzionamendua indartzea eta partaide diren kideak dinamizazio lanetan ahalduntzea eta trebatzea ildo honen erronka nagusitzat jotzen ditugu.


Dinamizazio-ildoaren baitan Esperimentazio espazioa deritzogun egitasmoa indarrean dugu ere: barne formakuntzarako espazioa da, dinamika ezberdinak esperimentatzeko, asmatzeko edota ensaiatzeko espazioa, alegia. Espazio honek dinamizazioan trebatzeko eta egoera ezberdinei dinamizazioaren ikuspegitik zelan heldu ahal diegun probatzeko helburua dauka, guzti hau talde txiki, eroso eta seguru batean eginez.


Lan ildo honetan jorratutako azken prozesu eta ekimenak hauek izan dira: